Haurren egunarekin hasiko dira San Pedroak | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Haurren egunarekin hasiko dira San Pedroak

(0 iruzkin)

Aurreko bi asteburuetan ere izan da disfrutatzeko aukera (argazkiak galerian ikusgai), baina San Pedro jaietan bete-betean bihartik aurrera sartuko gara. Eta hasteko, Umeen eguna izango da. Goizeko 11:00etan igoko dute Ttonttorro txiki eta hortik aurrera, ekintza ugari izango dira etxeko txikientzat: abentura jolasak, haur bazkari herrikoia, musika eta dantza, merienda, pelota partiduak...
Ttonttorroren igoera ere bihar izango da arratsaldeko 20:00etan.

Urezko zezenak eta tira-txina lehiaketa

Ekintza berriak ere antolatu dituzte aurtengo umeen egunerako. Esaterako, arratsaldean, kalejira egingo da urezko zezenekin. Buruhandiak ere ez dira faltako. Eta afal aurretik, tira-txina lehiaketa antolatu dute. 

San Pedro eguna, ostiralean

Ostiralean izango da San Pedro eguna eta ohi bezala, ez dute hutsik egingo herri kirolek, toka herrikoiak, pilota partiduak, idi demak eta erromeriak.

Artzai-zakur erakustaldia eta Umore Horiya

Egitarau ederra prestatu da larunbaterako. Goizean, artzai-zakur erakustaldia izango da eskola ondoko zelaian eta ondoren, iaz sekulako arrakasta izan zuen Oliba Jaitsiera Txapelketa antolatu dute. 
Larunbatez egin ohi den moduan, herri bazkaria izango da eta bazkalostea Andoni "fenomenuak" girotuko du. 
Arratsalderako, berriz, ekintza berri bat antolatu dute: Umore Horiya. Humor Amarillo edo Grand Prix lehiaketetan oinarritutako jokoak izango dira eta hainbat talde ariko dira elkarren kontra lehian, zein baino zein. Seguru primeran pasatzeko tartea eskainiko dutela.
Primerako bertso saioa ere izango da afal aurretik, honako bertsolariekin: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Julio Soto eta Iker Zubeldia.
Musika ere ez da faltako gau osoan zehar: Laiotz taldearekin izango da gaupasa. Eta deskantsurako kaja-jolasa antolatu dute. Zein iritsiko ote da altuen?

Jumping, gau kubatarra eta su artifizialak

Iganderako indar pixka bat gordetzea ere komeniko da. Bestela, jarri dute erremedioa ajeari aurre egiteko: jumping klasea plazan. Gauean ere, ohiko erritmoa aldatu eta Kubako doinuak izango dira La Jodederaren eskutik. 
Horrez gain, aurten ere Igeldoko su artifizialez gozatzeko aukera izango da helatuek lagunduta. Ea iaz baino giro hobea egiten duen!
Ohi bezala, Santa Ixabel eskeko dantzariak aterako dira goizaldeko 01:00etan.

Zaldi-dema eta aurreskua, agurtzeko

Santa Ixabel egunarekin bukatuko dira festak astelehenean. Arratsaldetik aurrera izango dira ekintzak, hala nola: Santa Ixabel eskearen amaiera, Ttonttorro txikiren jaitsiera, zaldi-dema, erromeria...
Urteroko moduan, festak agurtzeko, Aurresku Herrikoia eta Ttonttorroren jaitsiera izango dira 00:00etan. Ondoren, dantza saio ederrak egiteko aukera izango da berriz Izer eta Alabier trikitilariekin.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom