Hau “gero arte” bat besterik ez izatea espero dugu | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Hau “gero arte” bat besterik ez izatea espero dugu

(0 iruzkin)

Badira urte batzuk Kixmiko begiraleok zailtasunak ditugula taldea aurrera ateratzeko eta iritsi da gero arte esateko ordua.
Kixmik bizi izan dituen urte guztietan ekintza ugari egin izan dira: 16 urtetik gorakoentzat irteerak, 6-12 urte bitarteko haurrentzat asteburu-pasak, egun-pasa ezberdinak, udalekuak, ludoteka eta haur txokoaren sorkuntza eta bertan egiten ziren ostiraletako tailerrak, herriko jaietako haurren eguna, Gabonak eta herriko beste hainbat ekintza. Baina, konturatuko zineten bezala, azken urteetan hainbat ekintza ezin izan ditugu eskaini.
Erabaki hau hartzea zaila egin zaigun arren, beharrezkoa dela sentitzen dugu. Hori horrela, Kixmi Aisialdi Taldeak burutzen zituen ekintzak bertan behera geratuko zirela ikusita, guraso elkartearekin jarri ginen kontaktuan, zeina azken urteetan ezinbesteko bidelagun izan dugun. Argi izan behar dugu, Kixmi Aisialdi Taldea herriko haur guztiei aisialdia bermatzen saiatu dela beti eta ez soilik eskolako haurrei. Hori dela eta, lanak banatzea erabaki genuen: batetik, herriko jaiak leudeke eta hau oraingoz guraso elkarteak antolatuko du; Gabonetako ekintzak antolatzeko, herriko guraso talde bat bildu da, urteak atzera antolatzen ibili ziren horietako batzuk; eta amaitzeko, asteburuko irteera eta udalekuak leudeke, eta hauek oraingoz bertan behera geratuko dira, inork horien antolaketa-ardura hartu arte. Bestetik, esan, Kixmik kudeatu dituen baliabide ezberdinak, hala nola, espazioak, materiala, dirua… Herri Kontseiluaren esku geratuko direla.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu Kixmiren sorreran parte hartu zenuten pertsona guztiei, zuei esker haurrak ginenean esperien­tzia ahaztezin ugari bizitzeko aukera izan genuelako, elkar ezagutzeko, leku berriak ezagutzeko, euskaraz bizi eta jolasteko, eta aisialdiaren alderdi onena ezagutzeko.
Kixmi Aisialdi Taldearen ibilbidean parte hartu duzuen hezitzaile, guraso eta gazte guztiei ere eskerrik beroenak. Zuei esker, belaunaldiz belaunaldiko zubia eraiki delako.
Azkenik, protagonista nagusiak aipatu nahi ditugu: orain heldu edo gazte diren baina haur izan ziren horiek eta gaur egungo haurrak. Zuen ilusioa, gogoa, inozen­tzia, grina, asmoa… benetakoa izan dela sentitu dugulako, eta hori izan da hainbeste urtetan Kixmik aurrera ateratzeko izan duen motibazioa, indarra eta argia.
Hau “gero arte” bat besterik ez izatea espero dugu eta, bide batez, ondorengo gazteok, gure erreleboa hartzera animatzen zaituztegu, zuen modura eraikiz Kixmi eta noski, jakin, hemen izango gaituzuela behar duzuen guztian lagun­tzeko.
Amaitzeko, omenaldi gisa, argazkien liburu bat sortuko dugu Igeldoko taberna ezberdinetan uzteko; horrela, bertan izango dituzue bizi izan ditugun esperientzia eta momentu horiek guztiak, beste modu batera izan arren, berriro bizitzeko.
Mila esker, bihotz bihotzez.
Gora Kixmi eta Kixmitarrak!

Kixmi aisialdi taldea
2021/11/30

 

 

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom