«Hau ez da Itsas Aurrek jarritako azken helegitearen erantzuna» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

«Hau ez da Itsas Aurrek jarritako azken helegitearen erantzuna»

(0 iruzkin)

Azken egunotan, komunikabideek Igeldoren inguruko aipamenak egin dituzte, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia dela eta ("Gorenak bertan behera utzi du Diputazioaren akordioa, Igeldoren desanexioaren inguruko galdeketa bideratu zuena" eta antzekoak). Zabaldu den informazioa nahasgarri xamarra suertatu dela iruditzen zaio Itsas Aurre elkarteari eta honen inguruko azalpenak emateko eta informazio hori argitzeko, ohar bat prestatu du. Datozen egunetan etxeetara banatuko dute.

Halaxe azaldu du: «Auzitegi Gorenak eman duen ebazpena Foru Aldundiak 2013an Igeldon antolatu zuen galdeketaren ingurukoa izan da. Garai hartan, Gobernuaren ordezkari zen Carlos Urquijok galdeketaren kontra egin zuen, baina Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiak erantzun zion ez zela bere eskumena eta atzera bota zuen eskatutakoa. Ondoren, Epaitegi Gorenera jo zuen eta badirudi orain bere alde egin duela epaileak. Epaian esaten dena da Foru Aldundiak beharrean, Udalek dutela kontsultak antolatzeko eskumena, udalerrien mugen aldaketa dakarren kasuetan».

Eta azpimarratu dute epai honek ez diola gure prozesuari eragiten, baizik eta Foru Aldundiaren eskumenak jartzen dituela auzitan: «Izan ere, Igeldon antolatu zen galdeketa ez zen loteslea izan, eta Foru Aldundiak herritarron iritzia momentu horretan zertan zen jakiteko asmoarekin egin zuen».

«Epaiaren zain gaude»

Oharrean Itsas Aurrek gogorarazi du udalerri izaerari buruzko epaiaren zain gaudela: «2013ko abenduan Foru Aldundiak Igeldo udalerri izendatu ondorenean, Donostiko Udalak, oposizioaren ekimenez, izendapen honen aurkako epaibidea abiatzea erabaki zuen 2014ko urtarrilean, dekretua errekurrituz. Epaitegietan bere bidea eginda, Espainiako Auzitegi Gorenean dago gaia eta laister espero da azken epaia ateratzea, eta ez du helegiterako aukerarik izango gainera».

«Hemen herri bat dago eta Udala eskatzen dugu»

Bukatzeko, mezu argia zabaldu du Itsas Aurrek: «Ez dugu ahaztu behar batzuk arazoa etengabe judizializatzen saiatu arren, herri honen nahia argi eta ozen zabaldu dugula behin baino gehiagotan eta borondate politikoa aski dela konponbidea emateko. Hemen herri bat dago eta Udala eskatzen dugu, eta eskatzen jarraituko dugu. Badakigulako hori dela bidea guztiok hobeto bizitzeko».

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom