Gogotik gozatzeko asteburua izan da | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Gogotik gozatzeko asteburua izan da

(0 iruzkin)

San Pedro festetarako prest daudela erakutsi dute herritarrek pasa den asteburuan. Egia esan, denetik izan du, eguraldi bikainaz gain, eta gogotik gozatu dute plazara gerturatu direnek. 

Ostiralean, Ieltxoko kurtso bukaerako emanaldia izan zen eta ikasleek kurtsoan zehar ikasitakoa erakutsi zuten. Musika tailerra, trikitixa, panderoa, pianoa eta gitarrako ikasleen emanaldia izan zen. Dena dela, horiez gain, beste zortzi ikastaro ere eman dira ikasturte honetan (ingelesa, yoga, pilates, zumba, hipopresiboak, robotika eta euskal dantza) eta ikastaro horietan ateratako argazkiekin montaje bat ere osatu zen emanaldirako. Denera, 140 bat ume eta heldu aritu dira Ieltxoko ikasturte honetan.

Jaialdiaren ostean, merendola egin zen plazan eta arratsaldea agurtzeko, erromeria eskaini zuten trikitixa eta panderoko ikasle eta irakasleek.

Moda desfile arrakastatsua

Aurten lehenengo aldiz, moda desfilea egin da Igeldon. Larunbat arratsaldean izan zen eta oso emanaldi polita eta arrakastatsua izan zen. Herritarrek borondatez emandako arropekin osatu zen desfilea eta bertan adin ezberdinetako 36 herritar aritu ziren modelo lanetan. Atzetik, beste dozena bat herritar ere aritu ziren estilista, pelukero, makilladore eta antolaketa lanetan. Aurkezleek ere lan ederra egin zuten eta saltsa ederra sortu zen plazan. Ondoren, bildutako arropa horiek salgai jarri ziren prezio sinbolikoan eta mugimendu pixka bat ere izan zen. Dena dela, antolatzaileen helburua giroa sortzea, ondo pasatzea eta adin ezberdinetakoek parte hartzea zen eta gustora ziren emaitzarekin.

San Juan sua, eskea eta arrantza

Larunbata, San Juan bezpera izan zen eta ohiko ekintzak ere ez ziren falta izan: arratsaldean txaparroak prestatu zituzten umeek eta San Juan sua piztu zen gauean. San Juan eskeko kruadilak ere ez zuen hutsik egin. 26 laguneko kuadrila osatu zuten eta giro ederrean ibili ziren gau osoan zehar. Horrez gain, suaren momentuan, eskeko kuadrilaren irteera eta bertsolarien saioa oso ondo errespetatu dela aurten adierazi dute eta gustora daude. 

Bestalde, arrokako arrantza lehiaketa izan zen egunean zehar. Goizean goiz hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte izan zuten parte hartzaileek arrantzatzeko aukera.

San Juan egunean, dantza eta arraina protagonistak

Aurtengoan, San Juan eguna ere aprobetxatu da eta alde batetik, euskal dantza emanaldia izan zen Ieltxoko ikasleen eskutik. Arratsaldeko 18:00etan hasita, ordubete inguruko emanaldi ederra eskaini zuten plazan. 

Ondorenean, berriz, arrokako arrantza lehiaketaren jarraipena izan zen. Bezperan eta aste horretan zehar arrantzatutako arrain-erakusketa jarri zuten plazan, Albaolak utzitako batel bat ere tarteko, eta sari banaketa ere egin zen. Iluntzean, arrain horiek probatzeko aukera izan zen eta baita zentolloa ere. Planak erakarrita, herritar asko izan ziren afaltzen geratu zirenak. 

10 parte hartzaile eta arrantza ona

Denera, 10 lagunek hartu zuten parte arrantza lehiaketan, horietatik 7 herrikoak, eta orokorrean arrain asko arrantzatu zituztela azaldu dute antolatzaileek. 

Sariei dagokienean, sari desberdinak banatu zituzten:

Alde batetik, denera arrantzatutako arrainaren pisua kontuan hartuta, hiru sari banatu zituzten. Pisu gehien lortu zuena, Angel Murua hernaniarra izan zen, 6,200kg-rekin. 20 muxarra inguru arrantzatu zituen. Bigarren, Alberto Garcia urnietarra izan zen 4,200kg-rekin. Eta hirugarrena, Ramon Izagirre igeldoarra 4,100kg-rekin.

Pieza ederrena lortu zuena ere Ramon Izagirre izan zen; 700g-ko muxarra arrantzatu zuen. Eta espezie aniztasuna kontuan hartuta, Iñaki Lozano igeldoarra izan zen txapelduna. Ballestak, bogak, buztanbeltzak, salpak... arrantzatu zituen, besteak beste.

Gainerako parte hartzaile guztientzat ere sari desberdinak izan ziren.

Bestalde, lehiaketako arrainak zozketatu egin ziren eta Miren Zinkunegi eta Jabier Iraola izan ziren irabazleak.

Behean asteburuko argazki batzuk doaz eta web orriko argazki galerian, argazki guztiak ikusteko aukera dago. Hainbat bideo ere badaude: moda desfilea 1, moda desfilea 2 eta euskal dantza

  

  

  

  

  

  

  

  

  

Ostegunetik aurrera, festak

San Pedro jaiak ostegunean hasiko dira eta astelehenera bitarte egunero izango dira ekintzak adin eta gustu guztietarako. 

EKAINAK 28 OSTEGUNA

10:45ean Motorrak berotzen…

Hurbildu denok plazara…

11:00etan Ttonttorro txikiren igoera

Oharrak: 6 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta etorri beharko dute. Gomendagarria da aldatzeko arropa ekartzea

11:15ean Abentura jolasak!

Horrez gain…

Apaintzeko txokoa, apaingarriak egin eta karetak margotzeko guneak egongo dira, baita aurpegi-margotzailea ere

14:00etan Haur-bazkari herrikoia

Oharra: Bazkarirako txartelak egunean bertan egongo dira salgai txupinazoan eta bazkariaren aurretik 5€tan. Jateko laguntza behar duten haurren gurasoek aldez aurretik jakinarazi beharko dute jangelan pilaketak ekidite aldera

16:00etan Igeldo musikaz blai abesteko eta dantzatzeko gunea Earth and stars sound family”-k girotuta

Animatu dotore jantzita etortzera!

Ondoren merienda

18:00etan Haurren pilota-partiduen finalak

19:30ean Kalejira txikia urezko zezen eta buruhandiek lagunduta

Animatu txikiak zuen trikitixa eta panderoak astintzera!

20:00etan Ttonttorroren igoera

20:30ean Tira-Txina lehiaketa

EKAINAK 29 OSTIRALA “SAN PEDRO EGUNA”

11:00etan Hamaiketakoa. Din-Din-era inguratzen den igeldotar ororentzat

12:30ean Herri-kirolak

Aizkolariak:  Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares – Mugerza anaien aurka

Harri-jasotzaileak: Kortabarria eta Etxeberria

18:30ean Toka herrikoia

Oharra:  Apuntatzeko epea ordu erdi lehenago irekiko da. Behin lehia hasita ezingo da izenik eman

18:30ean Umeen toka herrikoia

19:30ean Eskuzko Pilota-partida ikusgarria

SANTXO - SANTXEZ

ARRIETA - LIZEAGA

19:30ean Kalejira txikia urezko zezen eta buruhandiek lagunduta

22:00etan Idi-dema. PEDRO JOXE “BENTA” eta ENRIKE ARTOLA arituko dira elkarren aurka 2000kg-ko harriarekin

23:30ean Erromeria fan&go taldearekin plazan eta Dj Esther Kultur etxean

 

EKAINAK 30 LARUNBATA

11:30ean Artzai-zakur erakustaldia eskola ondoko zelaian

13:00etan San Pedrotako 2. oliba jaitsiera txapelketa

Oharra: Antolakuntzak olibaren marruskadurari eragin diezaioken oztopo oro jartzen duenari penalizazioa jartzeko eskumena gordetzen du.

Oliba azkarrenak irabaz dezala!!

14:00etan Bazkari herrikoia. Ondoren Andoni “fenomenua”ren emanaldia

17:30ean Umore horia

Oharra: Taldeak 6-10ekoak izan behar dira. Apuntatzeko Txapela tabernan egongo da zerrenda ekainaren 23ra arte. Gastuei aurre egiteko taldekide bakoitzak 1€ ordaindu beharko die egunean bertan antolakuntzakoei

19:00etan Kalejira txikia urezko zezen eta buruhandiek lagunduta

19:30ean Bertso-saioa:

Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Julio Soto eta Iker Zubeldiaren eskutik

23:30ean Gaupasa Laiotz taldearekin eta ondoren Dj Hoolitas eta Dj Min plazan

Deskantsuan kaja-jolasa. Nor iritsiko da altuen?

Goizaldera, BARATXURI-ZOPA Buenavista jatetxearen eskutik

 

UZTAILAK 1 IGANDEA

12:00etan Bolo-lehiaketa eta erakustaldia

12:30ean Patata-tortilla lehiaketa

18:00etan Ajea kentzeko Jumping klasea plazan.

19:30ean “Etsita” kale-antzerkia Trapu zaharrak antzerki taldearen eskutik

22:00etan Gau kubatarra La Jodedera-rekin

22:45ean Igeldoko su artifizialak

Oharra: Helatuak dastagai eta aulkiak jarriko dira elkarteko irteeran

Ondoren La Jodedera eta erromeria Aritz eta Aitziber trikitilariekin

01:00ean Santa Ixabel eskeko dantzarien irteera.

 

UZTAILAK 2 ASTELEHENA “SANTA IXABEL EGUNA”

18:30ean Santa Ixabel eskearen amaiera, herritarren parte-hartzearekin

20:30ean Ttonttorro txikiren jaitsiera buruhandiek giroturik.

22:00etan Zaldi-dema ITSASO ARRUTI eta IMANOL FAGOLLAGA arituko dira elkarren aurka 900kg-ko harriarekin

23:00etan Erromeria IZER eta ALABIER trikitilariekin

00:00ean Aurresku Herrikoia eta Ttonttorroren jaitsiera

Ondoren IZER eta ALABIER

ONDO PASA JAIAK!

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom