Egindakoaren errepasoa | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Egindakoaren errepasoa

(0 iruzkin)

Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoa bukatzear da eta egindakoaren errepasoa bidali diote Orri Informatiboari Eskolatik. Halaxe adierazi dute:

2020-2021 ikasturteko lehenengo hiruhilekoaren inguruko errepasoa egin du Eskolak.
Konturatu garenerako 2020 urtea amaitzear dugu, eta ikasturtea hasi zenetik ia hiru hilabete pasa zaizkigu. Hori dela eta, atzera begiratu eta orain arte egindakoaren errepaso bat egiteko momentua da. Izan ere, urtea berezia izaten ari den arren, eskolan lanean jarraitu dugu egoerak ahalbidetu digun neurrian, gure gora-beherekin baina animo askoz.
Gure lehen ebaluazioko proiektuaren izenburua “Gure mundua ezagutzen” izan da, eta horrek gauza desberdin ugari ikasteko aukera eskaini digu eskolan. Txikienak Suhiltzaile bihurtu zaizkigu, eta lanbide desberdinak lantzen aritu dira eskolako martxara moldatzen ziren bitartean. Lau eta bost urteko Saguzarrak, berriz, eskolako baratzako animali eta landareak aztertzen aritu dira animo biziz, eta pizza bat egiteko asmotan omen dabiltza. Lehenen­go zikloko panterak, berriz, munduko animaliak lantzen aritu dira, eta animalien txotxongiloak egin dituzte.
Azkenik, Surflariak eta Igeldoko 14 birusak Unibertsoa, izarrak, planetak… lantzen aritu dira, gure mundua aztertzen bukatzeko. Batzuk Igeldori buruz zerbait berezia prestatzen ari dira mundu guztiarentzat, eta besteak berriz itsasoko nabigatzaile desberdinak ezagutu eta munduari buelta eman diote. Albaolara ere joango dira bisitan hilabete honetan zehar, garai hartako itsasontziak nola eraikitzen ziren ikusteko. Proiektuekin bukatzen dugunean, bideo txiki bat argitaratuko dugu eskolako blogean.

Egun bereziak ospatuz
Bestalde, eta nahiz eta pandemiak ez digun utzi nahi genuen bezala egiten, aukera izan dugu egun garrantzitsuak lantzeko ere. Urriaren 30ean Oroimenaren Txokoa jarri genuen eskolan, gurekin ez daudenez gogoratuz, eta ikasleek mezu ederrak utzi zituzten bertan. Azaroaren 25a berriz, Tratu Onen Eguna izendatu genuen, eta Tratu Onen Txokoa jarri genuen, bertan bata besteak ongi zaintzeko egin behar duena bilduz. Azkenik, abenduaren 3an Euskararen eguna ospatu genuen. Goizean zehar tailer desberdinak egin genituen eskolan, Euska­raokea edo Euscrabblea adibidez, eta arratsaldean zine-saioa izan zuten. Argazkiak ikusi nahi badituzue, eskolako blogean dituzue ikusgai.
Ez da erraza izaten ari, baina denon indar eta ilusioz gauzak aurrera doaz. Urte berriak albiste hobeak ekarriko dizkigula espero du Igeldoko Herri Ikastetxearen komunitate guztiak.

Lorontziak puskatuta

Abenduaren 7an Saguzar taldekoak oso triste jarri zirela jakinarazi dute. Astelehen goizean Eskolara joan zirenean, beraien landareak ikustera atera ziren eta dena txikitua zegoela ikusi zuten. «Ez dakigu zergatik egin duten, ez dugu ulertzen. Aurrerago landare berriak ekarriko ditugu eta berriz gure lorategi ederra izango dugu», azaldu dute.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom