Denda baino gehiago | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Denda baino gehiago

(0 iruzkin)

Igeldoko nekazarien kooperatibako kideek proiektu berri bat dute eskuartean. Gune berri bat jarri nahi dute Sindikatuan. Denok ulertzeko: denda jarri nahi da. Baina kideek argi utzi duten bezala, ez da denda soil bat izango. Proiektua aurkezten ibili dira azken asteetan eta herritarren iritziak jasotzen ari dira. Ez dago ezer itxia, oraindik. Urtarrilaren 20ra arte luzatu dute epea bazkide berriak sartu eta proiektua zehazteko. 2019an ateak irekitzea espero da.

Proiektu berri bat, gune berri bat jarri nahi duzuela martxan diozue. Zer topatuko dugu bertan?

Euskal Herriko ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartuko dituen gunea izango da. Produktu ekologikoari garrantzia emango zaio, nahiz eta ez den hori bakarrik egongo. Produktu freskoak, gertukoa, garaian garaikoak, herrian izatea da helburua. Eta baita egunerokotasunean behar diren beste produktuak ere: ogia, gailetak, garbitzeko produktuak... Horrez gain, ekonomia eta ekoizpen jasangarria izatea nahi da eta baita justua ere. Hori kontuan izanda jarriko dira prezioak. Baina hori dena zehazteko dago. Bazkideek erabakiko dute zer nahi duten bertan egotea eta nolakoa izan behar duen gune berri honek.

Proiektua ez da zerotik sortu, ze proiektu hartu dituzue eredutzat?

Oiartzungo Labore izan dugu batez ere eredu. Oso ondo funtzionatzen ari da eta urtebete ere ez du oraindik. Usurbilgo Kooperatiba ere izan dugu oinarri. Eta Irungo kooperatiba eta Bidazi (Bera) ere bisitatu ditugu. Oso positiboa da guretzat hutsetik hasi behar ez izatea. Beraiek esperientzia daukate eta laguntzeko prest daude.

Zenbat bazkide zaudete orain eta zenbat gehiago beharko lirateke proiektu hau aurrera ateratzeko?

Gaur egun, 25 bazkide gara eta gure kalkuluen arabera, 100 bazkide (familia-unitate) gehiago beharko genituzke.

Zer egin beharko dute bazkide berri horiek Kooperatibako kide izateko?

Kontuan izan behar da, aurreko bazkideek dirua jarri dutela proiektu honetan eta auzolanean ere lan asko egin dutela. Beraz, justua izateko eta bazkide guztiak parekatzeko, berriek 500 euro jarri beharko dituzte. Lehenengo, sarrera moduan 100 euro jarri beharko dituzte eta gainerako 400 euroak, hilean 35 euro ordainduta kitatuko lituzkete. Urtebetean ordaindu beharrekoa izango litzateke. Noski, baten batek 500 euroak kolpera ordaindu nahiko balitu, gauzak erreztu egingo lituzke. Hala ere, hau proposamen bat da eta kideen artean erabakiko da nola gauzatu sarrera kuota.

Eta behin bazkide guztiak parekatuta, nola funtzionatuko luke?

Ideia da, kuota bat jartzea hilabetero edo kontsumo minimo bat jartzea. Hau da, hileko kuota 30 eurokoa litzateke eta zehazten den hilabeteko gastu minimora iritsiz gero, ez litzateke kuota ordaindu beharko. Baina hau ere kideen artean erabakiko da, zenbat bazkide garen arabera aldatu egin daitezkeelako kuotak. Kuota honen arrazoia, kooperatibaren eguneroko gastuei aurre egin ahal izango diegula ziurtatzea litzateke. Hala ere, azpimarratu nahi dugu hau bideragarritasuna bermatzeko proposamen bat dela eta abenduaren 15ean egingo den batzarrean eztabaidatu eta erabaki ahal izango ditugula.

Zer geratzen da egiteko eta zenbat diru behar da dena martxan jartzeko?

Eraikina bera egokitzeko obra egin behar da: lurra jarri, leihoak, argia, parkina jarri... Oinarrizko obra egiteko, 90.000 euro behar dira. Horretaz gain, salgai egongo diren produktuentzako kamarak beharko dira: berdurentzat (industriala), esnekientzat eta haragiarentzat. Hori horrela, beste 22.000 euro beharko ditugu. Eta azkenik, programa informatiko bat ere beharko dugu salerosketa guztia behar bezala erregistratzeko eta horretarako beste 8.000 euro beharko dira. Beraz, denera, 120.000 euro behar direla kalkulatu dugu.

Gastu horri aurre egiteko, kreditu bat eskatzeko asmoa dago?

Bide desberdinak aztertu ditugu, baina bai, kreditu bat eskatu beharko dela aurreikusten dugu. Bazkide berrien sarrera kuotarekin, 100 bazkide diren kasuan, 10.000 euro lortuko genituzke. Beraz, 120.000-10.000= 110.000 euro behar ditugu. 110.000 euroko kreditua eskatuko litzateke, 11 urtetan itzultzeko, interesa %2koa izanik. Beste aukera bat litzateke, bazkideei abalistak izateko aukera zabaltzea. Nahi duenak diru ekarpen bat egitea kooperatibari, 1.000 euro inguru jarriz eta horrela banketxeari ahalik eta diru gutxien eskatzeko.

Eta kredituari aurre egiteko, zein da planteamendua?

Bi fasetan banatu dugu. Lehenengo urtean, 42.000 euro lortuko genituzke bazkide berriek hilean 35 euro ordainduta. Diru hori aurrez esan bezala, bazkide zaharrekin parekatzeko izango litzateke. 42.000 euro horietatik 2.000, kredituaren interesak ordaintzera bideratuko litzateke. Beraz, 40.000 euro izango genituzke. Aurreikusi dugunaren arabera, 10.000 euro beharko ditugu erosketak egiteko eta zerbitzua eskaintzen hasteko. Hori horrela, 30.000 euro geratuko litzaizkiguke eta horiek amortizatzeko erabiliko genituzke. Kreditua, beraz, 80.000 eurokoa litzateke 10 urtetan ordaintzeko.

Lehenengo urtea pasata, 80.000 euro geratuko lirateke orduan kreditua itzultzeko. Eta hortik aurrera zer?

Hortik aurrera, kredituaren kuota 675 eurokoa izango da. Baina kontuan izan behar da, ez dela hilabeteko gastu bakarra izango. 8 ordutara ariko den langile bat kontratatzea aurreikusten da (1.200 euroko soldata eta 14 paga. 2.200 euroko gastua). Horrez gain, bestelako gastuak ere izango dira (argia, telefonoa, internet...); 600 bat euro kalkulatu dugu. Dena kontuan izanda, hilabetean 3.375 euro inguruko gastua izango genuke. Horri aurre egingo genioke, bazkide guztiek, hau da, zahar eta berriek (125) hilabetean 30 euroko kuota ordainduta edo hilabeteko kontsumo minimoa ziurtatuta.

Eta kreditua bueltatzen denean, kuota kendu edo jaitsi egingo da?

Egia da, behin kreditua itzulita, gastu gutxiago izango genukeela, baina hori dena aurrerago erabaki beharko dute bazkideek. Gainera, eraikinak aukera gehiago ere ematen ditu, oso handia da, eta aztertu beharko litzateke beste zerbait jarri nahi den martxan edo dena delakoa.

Bazkideei bakarrik eta igeldoarrei zuzendutako zerbitzua izango da?

Proiektu honek funtzionatuko badu, hala izan behar duela ikusten dugu. Konpromiso bat eskatzen du eta kuota bat jartzea edo kontsumo minimo bat ere, beharrezko ikusten dugu. Eta hasiera batean, Igeldora mugatuko da. Herrian ze indar dagoen ikusi nahi dugu. Aurrera begira agian zabaldu liteke, baina hori bazkideek ikusi beharko dute. Bilera eta batzar ugari egin dituzue herritarrei zabaltzeko.

Nola baloratzen duzue erantzuna? Lortuko al da 100 bazkide berri sartzea?

Erantzun oso ona izaten ari gara, herrian badago horrelako gune baten benetako beharra. Dagoeneko kide izateko eskariak baditugu. Badakigu bazkide kopuru horretara heltzea ez dela erraza izango, baina gure helburua nekazal kooperatiba herri kooperatiba bihurtzea da. Eta hori gauzatzeko ezinbestekoa da ahalik eta herritar gehien proiektuko bazkide izatea. Horrez gain, halako proiektuak martxan dauden lekuetan galdezka ibili garenean, ez dute dudarik egin, Igeldon funtzionatuko duela argi ikusten dute denek.

Orain, herritarrei irekiko zaie Kooperatiba, nekazari kooperatiba izateari utziko dio, beraz.

Nekazal Kooperatiba izatetik, herri kooperatiba izatera pasako da, baina jatorriko izaera horri ere eutsiko dio, izan ere, herriko eta inguruko baserritarrei bide emango die beraien produktuak bertan salduz eta baita beraien zereginetarako zerbitzua eskainiz ere. Bi helburu izango ditu Kooperatiba honek: nekazarien eta herritarren eguneroko beharrei erantzutea.

Jo dezagun, lortu direla 100 bazkide berri. Noiz jarriko litzateke martxan?

Gure kalkulu eta planteamenduaren arabera, datorren urtea erabiliko litzateke bazkide berrien dirua bildu, kreditua eskatu eta obra egiteko. Auzolanean egingo baita. Beraz, 2019rako irekiko lituzke ateak. Hori bai, bazkide berriek 500 euroak kolpera ordaindu, abalistak lortu eta diru gehiago izango bagenu, prozesua azkartu liteke.

Argi dutenek eman dezakete izena jada?

Noski, eta guri komeni zaigu kalkuluak egiten joateko. Horretarako eta proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko, jar daitezela gurekin harremanetan: igeldokokooperatiba@gmailcom; 653 709 585 (Eneko) edo 667 008 601 (Egoitz).

NONDIK SORTU DA PROIEKTUA?

Aurrekariak

Gaur egun, Igeldoko Nekazarien Kooperatibaren eraikina da Sindikatua eta bere sorrera aspaldikoa da. 1911 urte inguruan, herriko baserritarrek lur eremu bat erosi eta auzolanean eraikia izan zen. Urtetan, zerbitzua eman zien Sindikatuak Kooperatibako kideei. Urteak joan ahala, ordea, ez zuen etekinik ematen eta itxi egin behar izan zen. Dena dela, sindikatua martxan ez egon arren, Kooperatibak segi egin zuen juridikoki entitate bezala. Azpimarratzekoa da baita ere, orduan herrian ez zegoela lokalik eta sindikatuko eraikina beste hainbat ekintzetarako ere erabili zela, antzerkirako esaterako. Egoera ikusita, Herri Kontseilua begiratzen hasi zen zer egin zitekeen eraikin horrekin. Eraikina oinarri izanda, herriaren beharrei erantzuteko, azterketa bat eginarazi zuen. Nekazaritza eta turismo aldetik, zer egin zitekeen biltzen du proiektu horrek eta kultur etxeko bulegoan dago. Aurreproiektua egin zen, baina ez zen aukerarik izan aurrera eramateko. Dirurik ez zegoen, krisia iritsi zen, diru laguntzarik ez... Pixkanaka, egoerak okerrera egin zuen eta eraikina ere gainbeheran hasi zen. Urteak pasata, bazkideek ikusi zuten zerbait egin behar zela, ezin zela eraikina erotzen utzi.

Azken urteetan, hainbat lan

Eraikina ezin zela erortzen utzi eta, bazkideek batzar bat egin zuten. Bazkide batzuk erabaki zuten baietz, zerbait egin behar zela eta beste batzuk Kooperatiba uztea erabaki zuten. Deialdi bat ere egin zuten bazkide berriak sartzeko eta herritar batzuk animatu ziren. Denera, 32 kidek osatu zuten Kooperatiba orduan eta aurrera egitea erabaki zuten. Bazkide bakoitzak 300 euroko ekarpena egin zuen eta erabaki zuten teilatua konpondu behar zela aurrena. Bazkideen diruaz gain (9.600 euro), Behemendik 36.000 euroko diru laguntza eman zuen eta Herri Kontseiluak 10.000 euro jarri zituen. "Lotto" bat ere jarri zuten martxan, diru gehiago lortzeko. Auzolanean, eraikina txukuntzen hasi ziren barrutik. Handik pixkatera, udaltzainek baimenik gabe aritzeagatik salaketa jarri zuten eta urtebete geldirik egon behar izan zuten, permisoa lortu arte. Saneamendu sarerik ere ez zuen eraikinak eta hori jartzea hurrengo pausoa izan zen. Auzolanean egin zuten hori ere. Barruko lanari heldu ziotenean berriz, barrua txukundu eta egokitu egin zuten: lurra kendu, argiteria eta hoditeria sartu, graba bota...

Zabaltzeko beharra

Eraikina ez erortzeko, teilatua konpondu eta barrua pixka bat txukuntzera iritsi ziren. Azken Batzarrean proiektu bat aurkeztu zen eta proiektu hori aurrera eramateko bazkide gehiago behar zirela eta, proiektua herriari zabaldu behar zitzaiola erabaki zuten. Aurrekontuak eskatu dituzte, eraikina konpondu eta proiektua martxan jartzeko, eta horretan oinarrituta prestatu dute herriari aurkezten ari diren proiektua. Lehenengo, Kooperatibako kideei aurkeztu zieten eta begi onez ikusi ostean, zabaltzen hasi dira.

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom