Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Karmele Garmendia

EH Bildu izan da bozkatuena, Igeldon

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan 569 igeldotarrek (%68,06) eman dute botoa eta EH Bilduk lortu ditu boto gehien: 253. Hurrengo alderdi bozkatuena EAJ-PNV izan da 133 botorekin. Atzetik geratu dira PP 55 botorekin, Unidas Podemos 50 botorekin, PSOE 49 botorekin, Ciudadanos 7 botorekin, Vox 7 botorekin eta PACMA 4 botorekin. Boto txuriak 8 izan dira eta baliogabeak 3.

Abendu erdirako errepidea konponduta egotea espero da

Astelehenean (azaroak 4) hasi zituen Donostiako Udalak Zerutxoko kurba inguruko obrak. Udal teknikariak Herri Kontseiluari jakinarazi dionez, hilabeteko lanak izatea aurreikusten dute. Beti ere, eguraldiak laguntzen badu. Beraz, abendu hasiera-erdialderako errepidea bi norabideetan zabalik egotea espero dute. Lanek iraun bitartean, semaforoa egongo da.

Azken egunak, Pala Txapelketan apuntatzeko

Bigarren urtez, Neguko Pala Txapelketa jokatuko da azaroaren 22an hasi eta apirilaren 3ra bitarte eta izena emateko, azaroaren 8an bukatuko da epea (ostirala). Parte hartzeko, bikote bakoitzak 20 euro ordaindu behar ditu. Emakumezkoak teniseko pelotarekin ariko dira eta pelota mazizarekin bi maila izango dira. Izena emateko, telefono honetara idatzi behar da: 648268216. Datuak Whatsappez bidaltzeko eskatu dute.

Kontzertua eskainiko du Lezkarrik azaroan, agurtu aurretik

Lezkarri abesbatzak ikasturte berriari ekin dio eta dagoeneko kontzertu bat eskaintzekotan dabiltza. Hain zuzen, azaroaren 16an izango da, 19:30etan Eskolan. Zumaiako Beheko Plaza abesbatzarekin ariko dira.

ATZERA BEGIRA: 60 urte Zapatari Berri baserria lur-jauzi batek irentsi zuela

1959 urteko irailaren 25ean izan zen. Uholdeak eta eguraldi oso kaxkarra izan zen inguruetan. Donostian bertan ere uholdeak izan ziren zenbait auzoetan eta Estatu mailan ere elurte izugarriak izan ziren. Igeldoko errepide nagusian, Zapatari Berri baserriaren parean, lur-jauzi handi bat izan zen eta baserria osorik irentsi zuen. Goizeko 10:30ak inguruan izan omen zen eta bertakoek zerbait bazetorrela atzeman eta baserritik garaiz ateratzeko aukera izan zuten, baita ganadua eta ahal zuten guztia ateratzeko ere. Isidro 55 urteko gizonak 8 urte zeramatzan ohean gaixorik eta Mikaela emazteak ahalegin guztiak eginaz senarra ohetik altxatzea lortu eta bizirik irten ziren biak. Hauen alaba, semea eta honen emaztea ere bertan bizi ziren. Suhiltzaileen laguntza ere izan omen zuten eta senarra berehala ospitalera eraman zuten. Ondorengo egunetan ikusmin handia sortu zuen gertaerak eta laguntzeko asmotan, herriko gazte koadrila bat etxez etxe ibili zen Zapatari Berri baserriko familiaren alde dirua biltzen.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom