Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

Irailean batzarra egingo da TETaren inguruan azalpenak emateko

Tokiko Entitate Txikiaren inguruan maiatzeko batzarrean jakinarazi zen aldaketa batzuk bazirela hasierako proposamenetik. Aipagarriena eskumen guztiak batera hartu beharrean, bi bloketan banatzea eta epe desberdinetan eskuratzea. Adierazi dutenez, azken hilabete hauetan proposamena lantzen joan dira Udal teknikariekin, pauso asko eman dituzte, eta adostasunera iristeko azken kontuak lotzea besterik ez zaie geratzen. Hori horrela, irailerako dena itxita edukitzea espero dute eta batzarra egingo dute guztia behar bezala azaltzeko. Orduan azalduko dituzte Igeldoko TETak izango dituen eskumen eta zerbitzuak, aurrekontua, ondarea... eta nola izango den bere funtzionamendua.

Herri Kontseilua berritzen

Maiatzaren 7an Herri Batzarra egin zen batez ere Herri Kontseiluaren berritzeari buruz hitz egiteko. Lau urteren ostean, maiatzeko Udal hauteskundeekin tokatzen zen aldaketa eta Herri Kontseilua nola berritu aztertzen aritu ziren. TETak baldin­tzatuta, aurreko urteetan bezala hauteskundeak egitea ez zela egoki ikusten adierazi zuten (lan handia dakarrelako eta TETarekin egin beharko delako epe motzean) eta zuzenean herritar batzuekin harremanetan jar­tzea erabaki zutela. Lau urte hauen balorazioa ere egin zuten eta taldearen egoera ez dela onena izan adierazi zuten: «Lan asko, kide gutxiago eta ezin behar bezala iritsi». Hori horrela, berrantolaketa baten beharra ere planteatu zuten. Herritarrei dei egin zieten Herri Kontseiluan bete-betean sartzeko moduan ez baziren ere, gutxienez zeregin edo arlo jakin batzuetan laguntzeko.
Herri Kontseilua berritzeko honakoak azaldu dira prest modu batean edo bestean: Aitor Beraza, Fer Diez, Aitor Etxeberria, Jon Lizarazu, Imanol Illarramendi, Ainhoa Esteban eta Maddi Cenzano. Eneko Dorrosorok aurreko taldetik jarraituko du. Arlo edo proiektu jakinetan laguntzeko prest ere azaldu dira pare bat herritar gehiago. Zentzu horretan, argi adierazi dute ateak irekita dituela lagun­tza eman nahi duenak.

Jolastu eta jolastu Udalekuetan

Uztailaren 3az geroztik Udale­kuetan dabiltza herriko hainbat ume. Uztailaren 28a izango da Udalekuen azken eguna eta hilabete osoa kontuan hartuta, 29 ume ibiliko dira. Lehenengo hamabostaldian Eneko, Aroa, Haizea eta Liberekin ibili dira jolasean eta ekintza desberdinak eginez: eskulanak, kirola, ur-jolasak, ginkana, altxorraren bila... Bigarren hamabostaldian, Liberen ordez Maialen ariko da gainerako hiru begiraleekin batera.
Goizero-goizero ekintza ugari egiten dituzte eta primeran dabiltza giro ederrean.

Ikusmina eta aldarrikapena

Uztailaren 3an Tourra pasa zen Igeldotik eta herritarren artean ikusmin handia sortu zuen. Errepide nagusiaren inguruan leku desberdinetan elkartu ziren haur eta helduak. Horietako puntu bat izan zen IKO ingurua. Bertako mahaian bazkaldu zutenak ere izan ziren lasterketa noiz pasako zain. Giro ederrean ibili ziren banatzen zituzten opariak jasotzen eta txirrindulariak animatzen.

Igeldok ere badu bere historia biltzen duen liburua

Azkenean, hainbat urtetako lanaren ostean, argitaratu da Igeldoko historia eta istorioak biltzen dituen argazki liburua. Jabier Iraola Gabilondok egina da, hainbat herritarren lagun­tzarekin, eta ekainaren 25ean egin zuten aurkezpena Igeldon. Oso ekitaldi polita izan zen, sorpresaz betea, eta liburuan bildu dutena pixkat bat ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutako herritarrek.
Ondoren, erreserba egina zutenek liburua erosteko aukera izan zuten erdi prezioan.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom