Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo egilearen postak ikusten: Igeldo Herria

Greba Feminista orokorra!

Aurtengo martxoaren 8an Euskal He­rriko mugimendu feministak udazkenerako greba feminista antolatzeko asmoa adierazi zuen. Handik hilabete batzuetara jakin genuen data Aza­roa­ren 30a izango zela. Grebaren helburua zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde kalera ateratzea da.
Azken asteetan deialdia jendarte osoari zabaltzea erabaki da, guztion ardura delako zaintza eskubide kolektiboa borrokatzea eta azken batean, zaintza sistema aldatzea dena alda­tzea delako.
Beraz, Igeldon ere herritar guztiei zuzendutako deialdi orokorra egin nahi dugu eta greba eguna antola­tzen hasi garela jakinarazten dizuegu. Animatu eta parte hartu!

Udaran hainbat sari lortuta, pozik daude Ondazarten

Ondazarte baserrikoek uda oparoa izan dute. Uztailaren hasieran Araitz Otamendi behien prestatzaile eskola batera joan zen Asturiasko Colunga herrira. Bertan aste betez ikasten aritu ostean, azken eguneko lehiaketan, bere kategorian bigarren postuan geratu zen. Abuztuan berriro joan ziren Asturias aldera, LLanera herriko frisoi arrazako txapelketan parte hartzera etxeko bi behi hartuta. Matti izeneko behiak hirugarren postua lortu zuen bere adineko atalean. Harribeltz behia izan zen poz handienak ekarri zizkiena, izan ere, lehen umezko behi honek bere atalean lehen postua eta erraperik onenaren saria lortzeaz gain, behi gazteen finaleko txapeldun geratu zen.

Longa baserriak bosna sari lortu ditu Azkoitian eta Salamancan

Blonda arrazako kategoriko behiak dauzkate Longa baserrian. Halaxe erakutsi dute Azkoitian eta Sala­man­can jokatu diren txapelketetan.
Abuztuaren 17an Gipuzkoako Txapelketa izan zen Azkoitian eta 5 sari eskuratu zituzten: 3 sari lehenengo postukoak eta 2 hirugarren postukoak. 11 bururekin hartu zuten parte (9 konkursora eta 2 txekor amarekin).
Irailaren 1etik 5era, berriz, Salamancako Feria izan zen eta bertan beste 5 sari lortu zituzten: lehenenpo postuko 1, bigarren postuko 2 eta hirugarren postuko beste 2. Kasu honetan 16 bururekin hartu zuten parte (13 konkursorako eta 3 txekor amarekin).

«Egoera hobetzeko tresna baliagarria izango da»

Adostu da Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko proposamena. Txostena prest dago eta adostutakoa aurkeztu zuten Herri Batzarrean urriaren 1ean. Igeldok izango dituen eskumen, aurrekontu, langile eta gainerakoaz aritu ziren.

14 ikastaro eta ehundik gora ikasle

Ikasturte honetan 14 ikastaro antolatu dira eta horietatik bat berria da: euskara ikastaroa (oinarrizko maila). Denera, 109 ikaslek eman dute izena, haur eta helduak kontuan hartuta. Hiru ikastaro, berriz, ez dira aurrera atera: xakea, korrika eta marrazketa.
Aurtengo ikastaroak hauek dira: ingelesa, pianoa, trikitixa, joskintza, gitarra, euskal dan­tza, yoga, break dance, musika tailerra, panderoa, frantsesa, balleta eta euskara mintzapraktika.
Bi irakasle berri ere badira aurten: Marta ariko da ingelesa ematen Steven ordez, eta Mikelek emango die euskal dan­tza handiei Aioraren partez.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom