Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: martxoa, 2021

Espezieen bizi-baldintzak aldatzen baditugu, nolabait erantzun beharko dute haiek!

Guztiok ezagutzen dugu Bengoetxeko zelaia, Bengoetxea eta Arretxe baserrien artean dagoen ordeka, lau-laua eta zabala. Demagun bi sator bizi direla bertan. Pozik daude, bizitzeko behar duten guztia dutelako, nahikoa jana, tokia.... Oso gustura bizi direnez, handik pixka batera, bi izan beharrean 20 dira. Zelai ederra da, baina 20 satorrentzat tokirik ez dago. Batzuk zelaitik joan egin beharko dute, bizirik… ala hilik. Hau da, alde egiten ez duenak bere txokoa izateko borrokatu egin beharko da, kosta ala kosta.
Bengoetxeko zelaian 8 sator geratu dira. Ondo bizi dira, badute zer jan eta non bizi; baldintza egokietan bizi dira eta populazioa denboran zehar ez da gehiegi aldatuko: batzutan 7, bestetan 9, baina espezieak iraun egingo du denboran, zelaiaren baldintzak mantentzen diren neurrian.
Demagun, orain, eskabadora sartu dugula, putzu bat egiteko, adibidez. Eta putzuaren ondoan, zuhaitz eder bat landatu dugula, urari itzala egin diezaion. Satorrek azalera galdu dute, eta dagoeneko ez dira zortziak sartzen. Baliabideak murriztu zaizkie, eta denbora beharko dute berriz ere haien populazioa oreka­tzeko. Inguruak –baliabideek- baldintzatu du zenbat sator bizi daitekeen.
Eskabadorak eraikitako putzuak espezie berriak erakarri ditu, behiak, eltxoak, txoriak… eta haiekin batera etorri diren arkakusoak, bakterioak eta birusak ere. Zelaia aldatu egin da, hezetasun handiagoa dute, itzala, eta satorren mundua goitik behera aldatu da. Kostako zaie berriro oreka lortzen, baina, lortu ezean, desagertu egin daitezke.
Gure planeta zelai hori baino handiagoa da, baina sator asko bizi gara. Edo, agian, bizi garenok gehiegi kontsumitzen dugu! Orekan zeuden ekosistemak apurtzen ari gara, eskabadorarekin, erregai fosilekin, hondakinekin… 7.843.913.100* pertsona bizi gara, eta bizitzeko baliabideak behar ditugu: kalkuluek diote, gure planetaz gain, beste Lur planeta erdi bat baino gehiago** beharko genukeela gu mantentzeko. Sardinak latan nola, gizakia Lur planetan. Baliabide eskasiaren aurrean, toki batzuetatik ihes egiten dugu; beste batzuetan, borrokak pizten ditugu… Gure hazkuntza-ereduak presio handia eragiten dio planetari, eta guk ordaintzen/ordainduko dugu.
Planeta desorekatua eta jendetsua, beraz. Batetik bestera airez, lurrez ala itsasoz goazen espeziea gara; gaur hemen eta bihar han gaudena. Bada, zelaiak sator-kopurua baldintzatu duen bezala, ez al gaitu inguruak gu erregulatzen? Teknologiak Naturaren legeen ertzean bizitzen ahalbidetzen digu, baliabideak txiklea bailira luzatzen, baina inguruak –eta eskura ditugun baliabideek- zenbat garen baldintzatzen jarraituko du; izurriteak, gudak, atentatuak, ingurumen desastreak, gaixotasunak… gure kon­tsumoaren ondorio dira eta gu erregulatzeko balio dute. Ez harritu, beraz, ezezagunak ziren gaixotasunak agertzen badira. Espezieen bizi-baldintzak aldatzen baditugu, nolabait erantzun beharko dute haiek!
Urteak dabiltza zientzialariak ohartarazten*** agerraldi berri eta ezezagunak izango ditugula; dagoeneko, izan ditugu batzuk: GIB birusak sortutako HIESA, SARS-koronabirusa, H1N1-influenza, Ebola-birus-gai­tza… Gaixotasun horien % 60 animalietatik datoz, eta horien % 70 animalia basatietatik eratorritako mikroorganismoek sortzen dituzte. Baina ikerketek*** diote, agerraldi horien jatorria gizakiaren baliabide sozioekonomikoei, ingurumenekoei eta ekologikoei lotuta dagoela. Pandemien oinarrian dauden kausak klima aldaketaren oinarrian edota biodibertsitatearen galeraren oinarrian dauden arrazoi ber-berak dira, alegia****. Biodibertsitatea, ingurumen-baldintzak (tenperatura, euri-erregimena, argiztapen-maila…), atmosferaren konposaketa kimikoa, baso-konposaketa, uraren kalitatea, aberastasunaren banaketa, espezie arrotz inbaditzaileak, gain ustiaketa, hondakinak…. Gure ekintzek eragiten dute horietan, eta horiek gugan eragiten dute. Gure esku dago, beraz.
Igeldon ia edonon ikus dezakegu plumero itxurako landare arrotz hori; baita Crocosmiaren lore laranja politak; Fallopia japonica ugari dago, eta Ondazartekoek Indotxinako Bipaliun kewense ikusi dute, bitan, etxe ondoan! Guzti horiek espezie arrotz inbaditzaileak dira, gurean. Baina ez gaituzte gehiegi kezkatzen. Basurde asko egoteak ere ez gaitu kezka­tzen, gure baratzan sar­tzen ez diren bitartean. Bada, SARS-CoV-2 koronabirusa baratzera ez, erraietaraino sartu zaigu. Eta kezkatu egin behar dugu ez soilik gutako batzuk gaixotu edo hilko garelako; ez soilik poltsikoak zulatu dizkigulako; ez soilik osasun sistema kolapsa dakigukelako; kezkatu behar dugu espezie guzti horiek, baita koronabirusa ere, bizi zen tokitik atera egin delako eta gure artean bizitzeko medio ezin hobea aurkitu dutelako. Gu konkistatzea arrakasta segurua da: asko gara, elkarren ondoan bizi gara eta asko mugitzen gara, gugan bizitzeak ekartzen du, munduaren jaun eta jabe izatea!

ATZERA BEGIRA: Etumeko historia

Gaur Etumeri begira jarrita zaila da pentsatzea garai batean nekazaritzari loturiko gunea izan zela. Hasiera batean, 1890 urtean, Don Juan Olasagasti Irigoyen izeneko jauntxo batek 32 hektarea erosi zituen inguru horretan. Juan Olasagati Irigoyen 1848 urteko maiatzaren 6an jaio zen Donostian eta familia garrantzitsuko semea izan zen. Bere aita Tomas, Donostiako Udaleko zinegotzia izan omen zen hainbat aldiz eta nekazaritza munduan ere ezaguna izan omen zen egindako aurrerapen eta erreformengatik. Juanek nekazaritzaren inguruan zuen jakin-mina aitagandik jasoko zuela ondoriozta daiteke eta Igeldon erositako lurretan bere jakintzak eta esperimentuak gauzatu ahal izateko aukera izan zuela.
Topografia nahiz geologia aldetik erositako lur eremu horren ezaugarriak oso egokiak ez izan arren, nekazaritzarako lur bilakatu zituen lanketa handi baten ostean eta nekazal lur eredugarri bilakatu. Bertan, nekazaritzaren garapen eta aurrerapausoak emateko asmoz, zenbait azterketa eta lanketa egiten zituen, “Etume Baserri-Eredua” sortuz. Gizon garrantzitsua izan zela ezin ukatu, hala ageri da idatzi zaharretan eta goraipamen ugari adierazten dira berak sortutako baserri eredugarri horren inguruan. Gipuzkoa zein Espainia mailan aitortua izan zen bere lana eta bertako nekazarientzat ere oso baliagarriak izan omen ziren bere lanketak eta aurrerapausoak. 1907 urtean hil zen eta hileta elizkizunak Igeldoko San Pedro elizan egin ziren, jende inportante asko inguratu omen zen, hileta garran­tzitsua izanik.

Adi seinaleari!

Izarkom Kooperatiba Igeldora iritsi da. Besteak beste, Herri Kontseiluak bat egin du bere proiektuarekin, bazkide egin da eta Itsas Aurre eraikinerako bere zerbitzuak kontratatu ditu: internet, fijoa eta mugikorra. Baina zer da Izarkom?

Ordutegia zabaldu du IKO dendak

Otsailaren 1etik aurrera eguerditan ere kooperatibako denda irekita izaten da, asteazkenetan ezik. Ordu­tegia zabaltzea erabaki dute herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko. Oraingoz izandako harrerarekin gustura daudela adierazi dute dendako langileek eta printzipioz horrela jarraitzeko asmoa dutela. Zenbait produktu berri ere salgai dituztela eta, herritarrak animatu nahi dituzte dendara gerturatu daitezen.
Bestalde, kooperatibako juntako kideek bazkideen arteko batzarra pixka bat atzeratzea erabaki dutela adierazi dute eta osasun egoerak hobera egiten duenean zabalduko dutela deialdia.

Eskola zaharreko proiektua alderdi politiko guztiei aurkeztu zaie

Eskola zaharreko proiektua idatzita dago eta azken egun hauetan, Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei aurkeztu zaie.
Solairu bakoitzerako ondoko proposamena egin da: Behe-beheko solairuan (arkupetakoa), lehen jangela zena, gela polibalentea sortzeko proposamena. Lehen solairuan eguneko zentroa. Bigarrenean eguneko zentroarentzako zatitxo txiki bat eta beste guztia jubilatuek kudeatuko lukete. Azken solairua gazteek kudeatzeko proposamena egin da. Proposamena egin ondoren ikusiko da Udaletik zer jarrera hartzen duten eta egitasmoa gauzatzeko aukerarik dagoen. Udaleko alderdi politikoei proiektua aurkeztearekin batera, Igeldoko herritarrei aurrez-aurre aurkezteko asmoa ere badago.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom