Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Hurrengo epealdiko postak ikusten: abendua, 2021

EHBilduko herriko taldea sortu da

Duela aste batzuk herriko EHBilduko taldea sortu zen. Baina zertarako eta zein helbururekin? Nortzuk osatzen dute taldea? Ondorengo herrikideek: Nekane Urruzmendi, Eneritz Ota­men­di, Jabier Iraola, Aratz Urruz­men­di, Imanol Gomez eta Joxi Oiarbidek.
Azaldu dutenez, «EHBilduko azken kongresuan EHBildu alderdi politikoa baino gehiago dela erabaki zen. Hau da, instituzioa eta kalea uztartuko dituen alderdi/mugimendua eratzeko bidean urratsak egitea erabaki zen. Horrela, herriz-herri EHBilduko taldeak sortzen ari dira eta Igeldon ere sortu dugu ekipo ederra».
EHBilduk nazio mailan egiten dituen proposamen eta dinamikak lurreratu (herrian landu) eta herrira begirako programa bat lantzea dira taldearen helburuak. Proposamenak lurreratzeari dagokionez, EHBilduk hezkuntza lege berri baterako egin duen proposamena bereziki interesgarria iruditzen zaiela gaineratu dute eta aurrerago herrian lantzeko asmoa dute. Herrira begirako programari dagokionez, arlo ezberdinetan proposamenak egitea dute as­moa: «hala nola, energia, hezkuntza edota bestelako arloetan EHBilduk herriari egiten dion proposamena. Noski, horretarako parte hartzeko espazioak eskainiko dira, EHbildu komunitate zabala baita eta guztion artean eztabaidatu eta aberastuz osatuko baitugu herri honen beharrei erantzungo dien programa».

500 eurotan baloratutako saskia zozketatuko da

Aurreko urteetan bezala, aurten ere bertako produktuen saski eder bat zozketatuko da urtarrilaren 6an El Niñoko loteriarekin. Hain zuzen, 500 eurotan baloratutako saskia izango da. Herriko eragile desberdinek elkarlanean antolatu dute zozketa eta dirua herrigintzarako izango da. Aurten, Kooperatibako parkina egiteko eta San Pedroetarako erabiliko da.

Hurrengo urteko jaiak «bereziak eta mundialak» izateko hasi dira lanean

Badira hilabete batzuk Jai Batzordea lanean hasi zela datorren urteko San Pedroak antola­tzen. Bereziak eta mundialak izatea nahi dute, «izan ere, badira bi urte Covid-aren ondorioz, jaiak muga askorekin egin behar izan ditugula». Egitarau oparo bat antolatzeko, ordea, dirua ezinbestekoa dela nabarmendu dute eta hori dela eta, urtean zehar ekintza puntualak egingo dituzte dirua lortu asmoz.

Genero indarkeriaren izeberga ikusgai

Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako eguna dela eta, genero indarkeriaren izeberga osatu eta ikusgai jarri zuten Igeldoko Emakumeek arkupean.  Azaroa hasieran izan zuten elkartzeko hitzordua eta gai librean hizketan aritu ondorenean, Azaroak 25erako herrian zerbait egitea erabaki zuten. Deialdia zabaldu zuten egun horretan elkartu eta emakumeen kontrako indarkerien inguruan hausnartzeko eta ondorenean izeberga osatu zuten elkartu zirenen artean. Izebergaren metafora oso aproposa dela adierazi dute, izebergaren zati txikiena izaten baita bistan eta handiena ur-azpian. Metafora hori aintzat hartuz, emakumeen egoerarekin parekatu eta genero indarkeriaren izeberga osatu zuten.

Hainbat irteera egin dituzte Eskolako umeek

Laster iritsiko dira Gabonetako oporrak, baina aurretik, azken hilabeteetan egindako lanen berri eman digute Eskolatik. HHko ikasleak urarekin esperimentuak egiten ibili dira. 1. Zikloa San Telmon izan da "Bidairik luzeena" erakusketan; lehen mundu biraren inguruko erakusketan. 2. Zikloak Itsas Museora bisita egin du euskal pirata eta kortsarioak ezagutzeko.
Horrez gain, LH osoa Arritxulora gaupasa joan da. Bertan jarduera eta jolas desberdinak egin dituzte: mendi martxa, eskalada...
Bestalde, urtero bezala Oroimen Txokoa ere jarri zuten joan direnei mezua uzteko, baita Halloween eta Gau Beltza ospatu eta landu ere.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom