ARANTXA TXINTXURRETA - BIOLOGOA: «Iraungo badu, baldintza egokiak ere behar ditu, baina hori gizakion ardura da» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

ARANTXA TXINTXURRETA - BIOLOGOA: «Iraungo badu, baldintza egokiak ere behar ditu, baina hori gizakion ardura da»

(0 comments)

Arantxa Txintxurreta igeldoarrak bigarren saria lortu du Europako bisoiaren inguruko Mikroipuinen Lehiaketan, “Gainerakoan, erruki” ipuinarekin. Irabazitako saria: 200 euro liburutan, Gasteizko liburu-denda batean gasta­tzekoak. Dena dela, oraindik ez omen du ezer erosi, buru belarri baitabil master batekin. Gure galderak erantzuteko tartetxo bat atera du behintzat.

Otsailean izan zen lehiaketa Gasteizen eta bigarren saria lortu zenuen 23 partaidetatik. Gustora?
Bai, oso.

Aurretik ere parte hartu izan al duzu halako lehiaketetan edo nolatan animatu zinen?
Gasteizera joatekoak ginen eta zer egin antolatzen nenbilen, lehiaketaren berri izan nuenean. Salburuako interpretazio-gunea da Ataria eta berak antolatu zuen lehiaketa. Salburua hezegune ederra da, eta bisitak merezi du. Azkenean ez ginen Gasteizera joan, eta, Salburuara ere ez, ondorioz, baina lehiaketara hiru lerroak bidali nituen. Horrelakorik ez dut inoiz idatzi, baina bai laburragoak (140 karaktereko txioa) eta luzexeagoak ere, gure seme-alabentzat.

Eta aurretik irabazi al duzu inoiz halako saririk?
Ez dut inoiz saririk jaso, ipuin laburren lehiaketan, baina Orion bizi ginenean, bitan parte hartu nuen hango ipuin lehiaketan eta bietan jaso nuen saria. Bi folio luzeko ipuinak ziren.

Zer da ipuin honetan adierazi nahi izan duzuna?
Gaia finkoa zen, Europako bisoia, eta hari buruzko zerbait kontatu behar genuen, eta, ahal bazen, kontserbazioaren aldetik, uste dut. Egia esan, ez dut ongi gogoratzen, lehengo urteko gauza da eta. Kontua da, Europako bisoia gal­tzeko arriskuan dagoela eta meha­txuak ditu Ameriketako bisoia eta errepideak, besteak beste. Eta bizirik iraungo badu, ipuinean azaltzen dena egin beste aukerarik ez du; horretarako, noski, baldintza egokiak behar ditu, baina hori gizakion ardura da. Azken hori izenburuaren atzean dago…

Ipuinak gehienez 50 hitz izan behar zituen. Asko kosta al zitzaizun hain hitz gutxirekin nahi zenuena kontatzea?
Inspiratuta egongo nintzen nonbait, denbora gehiegirik gabe ida­tzi nuen eta.

Beste zerbait gehitu nahiko zenuke?
Garai batean literatur lehiaketa bazegoen Igeldon, eta ongi legoke hori berreskuratzea, igeldoarrak idaztera animatzeko.

'GAINERAKOAN, ERRUKI'
- Hona, biloba, bisoi zahar honek emango dizkizun azken aholkuak: amerikarretatik urrundu; errepide-mingain gris eta zaratatsuetatik ere bai; ez hurbildu bi oinetako makil luzeei; baina, bereziki, izan zoriontsu, gozatu igerian, ehizan... egiten duzun guztian; eta bilatu bikotea, eta izan kume ugari. Horixe baita etorkizuna bermatzeko gure esku dagoen gauza bakarra.

Currently unrated

Comments

There are currently no comments

New Comment

required

required (not published)

optional

required

captcha

required

Recent Posts

Archive

2026
2025
2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Categories

Tags

Authors

Feeds

RSS / Atom