AITOR ETXEBERRIA: «Atletismoak eman didan gauzarik onena, ezagutu dudan jende guztia da» | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

AITOR ETXEBERRIA: «Atletismoak eman didan gauzarik onena, ezagutu dudan jende guztia da»

(0 iruzkin)

Aitor Etxeberriak 9 bat urte egin ditu atletismoan punta-puntan lehiatzen. Ibilbide ederra egin du urte hauetan zehar; Igeldoko Igoeran errekor berria jarrita errematatu du, besteak beste. Lortutakoarekin pozik, etapa bat amaitutzat eman du.

Behobiarekin bukatutzat eman duzu punta-puntan lehiatzeko ibilbidea, ezta?
Bai, esan dezaket nire buruari exigituko diodana ez dela berdina izango atletismoari dagokionean.
Aurten dexente jaitsita ibili naiz egia esan, nahiz eta momentu puntual batzuetan zuzen eta ongi jarraitu entrenatzailearen aginduak.

Zergatik hartu duzu erabaki hori?
Ba gehienbat momentu bakoitzean nahi dudana egin nahi dudalako. Gauza dexente alde batean utzi behar dituzu atletismoan %100 eman nahi baduzu. Momentu ona da ditudan beste plan eta helburuak betetzeko.

Iazko Behobia ez zen nahi bezain ondo joan, eta aurtengoarekin eman diozu modu batean bukaera. Zer moduz joan da? (13. Postua - 01:04:47, iazko denbora hobetuta)
Ezin ditut azken bi Behobiak konparatu. Iaz irabazteko borrokan egon behar nuenaren sentsazioa daukat oraindik. Gertukoenek, eta batez ere nire entrena­tzaileak eta nik, bagenekien zer eta nola entrenatu nuen. Helburua zein zen nahiko garbi geneukan. Azken astea iritsi zen eta gauzak okertu ziren. Eskolan nire ikasle taldea etxeratu zuten COVID positibo asko genituelako eta ni ere kili kolo nenbilen. Lasterketara ez nintzen kondizio onetan iritsi eta maila horretan edozein arazo, ordaindu egiten duzu.
Aurten aldiz lasai atera nintzen, atzean. Lehengo urteko forma fisikoarekin alderatuta, forma exkaxagoan iritsi bainaiz. Baina lasterketa nahiko polita egin nuen. Hala ere, iazkoak balio gehiago dauka niretzat. Azken momentu arte, ez nuen etsi eta egoera hartan hamargarren bukatzea, niretzat izugarria da, gutxik baitakite azken egunetan zenbat ordu lo egin nituen eta... Jajajaja!

Atzera begiratuta, ze balorazio egiten duzu urte hauetan lortutakoaz eta egindako ibilbideaz?
Atzera begiratu eta atletismoak eman didan gauzarik onena, ezagutu dudan jende guztia da. Taldekideak adibidez, gaur egun oso lagun onak ditut. Batzuk lagun minak. Dudarik gabe hori izan da lortu dudan lorpenik garrantzitsuena.

Noiz hasi zinen lehiatzen eta nolatan?
Txikitatik hasi nintzen lehiatzen nik uste. Nire anaia eta ni, oso lehiakorrak gara eta gutxi behar dugu lehian jartzeko. Niretzako eredu onena bera izan da. Bere mailara gerturatzeko %150 eman behar izan dut, eta horri esker etengabe hobetzen joan naiz. Joritz berezia da, kiroletan aparta; gaitasun fisiko onak izateaz gain, buruz oso azkarra da, konpetitzen bikaina. Eta noski, beti ondoan izanda, oso lagungarria izan zait.
Korrika berriz, Igeldoko krosa izango zen lehen lehiaketa. 2000garren urtean, bederatzi urterekin egin nuen lehen aldiz Igeldoko Igoera, 41 minututan.
Baina serio lehiatzen, 22-23 urterekin edo hasiko nintzen korrikan. Arraunean nenbilela esfortzu proba bat egin zidan gaur egun nire entrenatzailea denak. Bere taldearekin entrenatzeko aukera eskaini zidan eta hasiera batean, zalantzak banituen ere, arrauna ez nuelako utzi nahi, ondorenera konbentzitu egin ninduen.

Real Sociedad taldean aritu zara, ezta?
Bai. Goierri - Garaia, Atletiko San Sebastian, Apalategi eta Reala izan dira nire taldeak. Apalategin familia txiki bat ginen, nirekin entrenatzen zutenak bertan baitzeuden. Maila aldetik aldiz, Realarekin desberdina izan da. Olinpiadetan parte hartu duten atleten kontra konpetitzeko aukera izan dut Realari esker.

Urte hauetako lorpen aipagarrienak zuretzako?
800 metrotatik 10.000 metro arteko distantzia guztietan Euskadiko txapeldun geratzeak niretzat balore handia dauka. Bestalde, 800an eta 1500an Gipuzkoako errekorrak oso gertu izan nituen, zentesimetara gelditu bainintzen 2020an.

Atera gabe geratu den arantzarik baduzu?
Zerbait esatearren, 2021eko Behobia, nahi ez nuen amaiera izan zuelako. Baina, lehen aipatu moduan, oso harro nago dena eman nuelako.

Zuretzako lasterketarik gustokoena?
Igeldoko Igoera eta Behobia. Igeldoko Igoera etxekoa da, bertakoa. Txikitan lehenengo aldiz atera nintzenean, berehala pentsatu nuen lasterketa hori irabazi behar nuela. Motibazio bat zen niretzat eta oraindik izaten jarraitzen du.
Behobia aldiz, dagoen anbienteagatik eta gipuzkoar korrikalari batentzat suposatzen duen guztiagatik.

Nolako korrikalaria zarela esango zenuke?
Inoiz etsitzen ez duena eta errematatzailea. Azkarra azken metrotan. Erresistentzia izatea garrantzitsua da, baina, azkarra izateak garaipen asko ematen ditu.



Urtea behintzat ez da gaizki joan, ezta? Espero gabe, Euskadiko pista estaliko txapeldun izan zinen 1.500m eta 3.000m-ko probetan, Igeldoko Igoeran ere errekor berria jarri zenuen (24:07)...
Urtea arraro joan da. Nahiko txukun ibili naiz emai­tzen aldetik, baina ez naiz agian zenbait alderditan oso profesionala izan. Hala ere, nahiko ezustean, Igeldon denbora polita egitea lortu nuen. Baldintza onenak zeuden niretzako. Dena bikain atera zitzaidan eta asko poztu nintzen txikitan jarritako beste helburu bat lortuta.
Lasterketa horretan gainera, jende asko eduki dut presente. Etxekoak, lagunak, taldekideak, entrenatzailea… Bukatu bezain laster ere, nire Igeldoko bi osabekin oroitu nintzen. Irribarre txikiren bat atera zitzaidan negar malko batek lagunduta. Ziur nago dauden tokian daudela, beraiek ere lagundu zidatela. Eta astebetera egin zidaten omenaldia ere, ezin da hobetu. Oso eskertuta nago. Egun hori ez dut inoiz ahaztuko.


Pentsatzen dut nahiz eta orain arteko mailan lehiatu ez, korrika egiten edo kirola egiten jarraituko duzula. Ze asmo dauzkazu?
Kirola egiten jarraituko dut, baina plan espezifikorik gabe. Korrika, pala, pelota, futbola… Kirola zainetan daramat.

Puri-purian dauden mendi lasterketek ez al zaituzte tentatzen?
Bakarren bat egingo dut, baina ez didate bereziki mendiko karrerek tentatzen. Hori bai, Zegama–Aizkorri ikustera joaten naizen bakoitzean, oilo ipurdia jartzen zait. Jajajaja!

Erraza izango al da zuretzat zure buruarekiko exigentzia maila jaistea?
Ez. Nire bizitzako eremu ia denetan oso exigentea naiz nire buruarekin: kirolean, lanean, pertsona bezala balore onak izaten... Txikitatik jarrera hori izan dut eta ez naiz aldatuko.

Urte bukaera hor daukagu, San Silvestrean atera­tzeko asmoa duzu?
Noski aterako naizela. Aurten gainera, Igeldoko ba­tzuk ateratzekoak gara. Giro bikaina egoten da eta modu bikaina da urteari bukaera emateko.

Orion herritar batzuk entrenatzen dituzu, ezta? Eta aurten, Igeldon emakume talde bat ere entrena­tzen hasi zara. Zer moduzko esperientzia?
Orion orain Iñaki Usarralderekin nabil. Bestalde, Lasarte eta Goierriko gazte batzuei entrenamenduak bidali izan dizkiet (gaur egun nire entrenatzailearekin daude maila jakin bat dutelako). Polita da izan duten bilakaera ikustea. Azkenean bizi estilo sano bat eskaintzea da nire helburua. Detaile batzuk zainduta, asko hobetu daiteke eta beraiek dira adibiderik onenak.
Igeldokoekin aldiz, aurten hasi naiz. Talde polita da eta esan, nik hasiera batean pentsatzen nuena baino maila askoz hobea dutela. Meritu handia daukate: umeak, lana, korrika...
Pixkanaka joango gara, azken batean deskonektatzeko eta disfrutatzeko momentu bat izan behar baitu beraientzat. Baina Igeldoko Igoera batean parte hartzen badute... herritarrak harrituta geldituko lirateke beraien markekin. Ea animatzen diren!

Oraindik ez du puntuaziorik jaso

Iruzkinak

Oraingoz ez dauka iruzkinik

Iruzkin berria

derrigorrezkoa

derrigorrezkoa (argitaratu gabea)

optional

derrigorrezkoa

captcha

derrigorrezkoa

Azken postak

Artxibategia

2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom