Blog! | Igeldo Herriko webgunea Skip to content

Blog!

Igeldoko TET sortzeko bidean, Plenoaren onarpenaren zain

Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sor­tzeko azken pausoak besterik ez dira geratzen. Urriaren 10ean Donos­tiako Udaleko Gobernu Batzordeak onartu zuen adostutako proposamena eta ordutik azaroaren 28ra bitarte alegazioak aurkezteko aukera egon da. Tarte horretan, ez da alegaziorik aurkeztu (Herri Kontseiluari azaldu diotenez) eta orain, Ple­noaren onarpenaren zain geratu da (urtarrila bukaeran izatea aurreikusten da).
Plenoaren onarpena jasotzean, herritarren txanda izango da. Galdeketa egingo zaie igeldotarrei. Emaitza ez da loteslea izango, baina bai garrantzitsua Foru Aldundiak erabakia hartzeko. Galde­ketaren ondoren, Foru Aldundiak erabakiko du Tokiko Entitate Txikia eratu edo ez.

Energia komunitatearen parte

Herritar talde batek bultzatuta, Igeldon energia komunitatea sor­tzeko urratsak ematen ari dira. Hain zuzen, abenduaren 1ean kooperatiba sortzekoak ziren. Horren aurrean, Herri Kontseiluak adierazi du proiektu hau gauzatu ahal izatea garrantzitsua dela. Horregatik, kooperatibako bazkide izan eta diru ekarpen bat egitea erabaki du. Aldi berean, herritar guztiei deia luzatzen die kooperatibako parte izatera: «Guztiok parte hartuz, Igeldo ere energia burujabetzara bidean jarri dezagun!». Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan energia komunitateko kideekin: igeldokoekb@gmail.com.

Kexak adierazi zaizkio Udalari autobusa eta Marabieta bidearekin

Igeldoko autobus zerbitzuaren inguruan kexak ugaritu dira azken hilabeteetan eta herritarrekin bilera bat egin zuen Herri Kontseiluak urriaren 26an. Bertan, Dbusi bilera bat eskatzea erabaki zen. Herri Kontseilua azaroaren 7an bildu zen Dbuseko arduradunekin eta herritarren haserrea adierazi eta arazoa konpontzeko eskatu zien. Alter­na­tiba desberdinak proposatu ziren bileran eta aztertzekotan geratu ziren Dbuseko arduradunak.
Abenduaren 11n izango dute hurrengo bilera. Dena dela, urrian nahiko ondo funtzionatu zuela eta azarotik aurrera autobusaren zerbitzua ona izango zela adierazi zuten Dbuseko kideek eta ordutegia beteko zuela. Hori horrela ez dela arrazoitzeko, Herri Kontseiluak inzidentziak erregistratzeari ekin dio eta herritarrek egunero eman diote kexaren baten berri.

Espaloia, azkenean, sei hilabeteko epean

Aurten egingo zela esan arren, azaroaren 21ean onartu zuen Udaleko Gobernu Taldeak obra proiektua Igeldoko kaxkoa eta kanpina lotuko dituen espaloia egiteko. Orain, lanak lizitatu behar dituzte eta sei hilabeteko epean gauzatuko dituzte obrak. Aurrekontua 1.586.050 eurokoa izango da.

Igeldoko proposamenak ez dira aurrera atera

Donostiako Udaleko Partaidetzazko Aurre­kontuetan Igeldoko bost proposamen pasa ziren azken fasera; hau da, bozketa fasera. Azken fase honetan, ordea, proposamen bakar batek ere ez du nahikoa botorik lortu aurrera egiteko.
Bestalde, orain dela bi urte egindako kanpainan, hiru proposamen onartu ziren eta urte honetan egitekoak ziren: Pilotegi bideko beheko zatia asfaltatu, Pokopandegi bidea egokitu eta frontoian ura ez sartzeko lanak egin. Udaletik jakinarazi dutenez, lehenengo biak urte honetan egingo dira, baina frontoiko lanak datorren urtera atzeratuko dira.

Azken postak

Artxibategia

2024
2023
2022
2021
2020
2019
2018
2017

Kategoriak

Etiketak

Egileak

Web-jarioak

RSS / Atom